Skip to content

Danda

2011 urria 3
by 27zapata

Zarautz hizketan izeneko liburuan dagoeneko galduta ditugun Zarauzko hitz asko aurkitu daitezke. Eta hitzekin batera, garai batean izan ziren kontzeptuak ere bai. Horietako bat da danda. Hona liburuak dioena:

Auzolanean egindako lana, baina herri-ondasunen inguruan egiten dena. Zarautzen, bereziki: erribera inguruko erretenak garbitzea, herri-bideak konpontzea (adibidez, kanposantura doana), eta moilako lanak. Auzokoen artean arautua dago eta derrigorrezkoa da. “Kanposantuko bidia dandan iten zan, eta igual esaten zan: etzi danda zeok, eta Salbide aldera jun beharra zeukeau”. (Sebastian Eizagirre).

Guk ez dugu ezagutu horrelakorik. Baina eredu haiek deskubritzea eta gaurkotzea tokatzen zaigu orain, krisian dagoen bizitza eredu honi errotik erantzun nahi baldin bazaio, komunitatean, auzolanean. Hortaz aritu gara pasa den asteburu honetan Usurbilen, Auzolanari buruz hizketan. Asteburuan hartutako apunte batzuk dauzkazue hemen, Naroa Elortzak eta biok hartuak. Hemen ostiralean izan ziren hiru hitzaldiren laburpenak:

(Hitzaldiren bat azpimarratzekotan, Joseba Azkarragarena, argi adierazi eta testuinguru globala ulertzeko balio izan zuelako)

Larunbat goiza hainbat tailerretan bilduta eman genuen, taldeka banatuta, bakoitzaren mundu partikularra konpondu nahian. Eta arratsaldean, Kataluniako Kooperazio Integrala sakonago ezagutzeko aukera izateaz gain, hitzaldi labur bezain interesgarria eman zuen Felix Rodrigo Morak, batzar eta asanbladen historia, izaera eta ezaugarriak hobeto ezagutzeko aukera emanez.

Jende dezente bildu ginen, antolakuntza ona izan zen, eta Usurbildarrek etxean bezala hartu gintuzten. Lehen topaketak izan dira hauek. Herrietara ekarri behar dugu orain ikasitakoa. Zarauztar batzuk izan ginen Usurbilen eta horretan hasteko konpromisoa hartu genuen. Kaleko hiztegira eta agendara ekarriko ahal dugu berriz danda!