Aste honetan hasi dute txinatarrek urte berria. Dragoiarena omen aurtengoa. Hortik aurrera, ez da nobedade handirik izan aste honetan. Gaurko kale hizkeran esanda, aste hau ez da gure Metaposta gordailu elektronikoan gordetzekoa izan. Betiko legean jaiki behar izan dugu goizean goiz, betiko legean joan lanera, eta heldu gara etxera ilunduta eta nekatuta, beste behin ere, maitasunik egiteko indar eta gogo handirik gabe.
Pasioak ari zaizkigu zimeltzen. Errutinak gure bizitzak irensten ditu kapritxoren bat edo beste erosteko trukean. Badakizue: gramoka erosten da hemen zoriona. Esaterako, gure dendetan beherapenak %50era iritsi diren aste honetan, ezin ba geratu tentazioan erori gabe! Aste hau ere azkar pasa zaigu, oso azkar, okupatuta, bizitzeko denborarik ere hartu gabe…
Ai… gero eta inbidia handiagoa ematen dit gure etxeko katuak! Gu, ari, ari gara, bai. Ari gara bueltaka aste bati eta bueltaka beste aste bati eta besteari eta besteari… Labadorak bezala gutxi gora-behera, inora heldu ezinik bueltaka. Bai, labadorak eta… tiobiboak bezala bueltaka.
Inorako bidaian, zirkulu berari bueltaka gabiltzan tiobiboan gaude bai, baina baita Europako ekonomia ere. Iragarpen beltzak egin ditu aste honetan Nazioarteko Diru Funtsak Eurogunerako, defizita jaisteko neurriak egokiak ez direla esanez besteak beste. Erreskatez erreskate erreformen erreformak ere erremediatzen ez gaituzten erregelak proposatu dizkigute berriz. Eta hara, austeritate fiskalak atzeraldira garamatza, hazkunde ekonomikoa utopia bihurtu da kasik eta enplegua sortzea berriz.. amets. Atzo jakinarazitako langabezia datuak adibide. Total, hiru urte daramatzate bueltak eta bueltak ematen Europako tiobiboko zalduntxoek. Eta barraketako ikusleoi, aguantatzea tokatzen omen zaigu.. gero eta pobreago egiten gaituen eta ulertzen ez den espektakulu garestiari miraz begira.
Laster gainera pieza bat gehiago izango dugu Europako tiobiboan. Kroazioan aste honetan egin dute galdeketa Europan sartu edo ez erabakitzeko eta, hara, baiezkoak irabazi du. Hala diote behintzat. Eta egia da. Botoa ematera joan den herritarren %45a kontuan hartuz, baiezkoak irabazi du. Baina ez dute esan nahi izan, gehiengo absolutuak uko egin diola parte hartzeari, esanez bezala… “Total! Zertarako eman botoa… Nahi duzuena egiten segituko duzue berdin-berriz!”
Hurrengo urtean beraz Kroazia izango dugu ere gure atrakzioan. Ez dakiguna da orain tiobiboan dagoen norbait faltako den. Aste honetan berriz geratu da argi zalduntxo greziarra amildegitik erortzear dagoela. Eta hau dena, Frantziak A hirukoitza galdu duenetik, tandem franko-alemaniarra erori dela jakinda. Ez dago Merkozyrik gehiago. Angelak bakarrik agintzen du orain. Hemendik aurrera, berak eta berak bakarrik emango dizkigu bizkarrekoak, periodikoetako ekonomiako gehigarri horixkekin. Eta hau dena, Europako Batasunak hurrengo astean egingo duen goi bileraren atarian.
Baina Europa ez da bueltaka nora ezean dabilen bakarra. Gure herri politika ere irudipena dut, tiobibo batean dagoela preso. Bueltaka bai, mugitzen ari dela bai, baina ez doala momentuz inora. Epe laburrera gauzak aldatuko diren esperantza gutxi dagoela alegia. Oraindik ere argazki gehiegi iristen zaizkigu Espainiako Audientzia Nazionaletik. Aiaraldeko 19 lagunen kasua lekuko. Edo Altsasuko alkatearena bestela. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak maizago etorri beharko du tiobiboko orkestra lanak egin eta musika alaiagoa jartzera.
Une batez tiobibotik jaitsita, joan etorrian ibili dira ministro, sailburu eta lehendakariak. Gaur Patxi Lopez Madrilera joan da, Carlos Agirre aste honetan joan den bezala kupoa negoziatzera. Etorri dena, edo hobe esan, lehenengo aldiz etorri dena Fernandez Diaz izan da. Serio eta tinko, Barne ministroei dagokien moduan. Oraindik ez ditugu Espainiako Gobernuko ministroen izen guztiak ikasi baina, iruditzen zait, honen behintzat segituan ikasiko dugula, aurreko Barne ministro guztiena bezala.
Eta hau dena, Euskal Herrian egindako auto elektrikoa aurkeztu den aste berean. Hiriko izena du. Zalantzarik ez beraz, non ibiltzeko autoa den! Baina aurkezpen egunean, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea autoan zela, erre egin omen zen autoaren aginte modulua, hotzaren eta hezetasunaren eraginez, diotenez. Akaso, pentsatzen hasi beharko dugu… auto hori hirirako baino ez ote den egokiagoa.. gure tiobibo partikularrerako.
Bueno eta honaino gaurkoak. Ea ez dugun hurrengo astea serioegi hartzen. Hurrengo astean jolas gaitezen bizitzera.. umeak jolasten diren bezain serio, jolas gaitezen beraz… bizitzera jolastera. Eta hainbeste tiobibo, zalduntxo eta orkestra aipatuta, onena gaurkoa Atxagaren bertso satiriko batekin eder honekin bukatzea: “Apaizei sotanak dizkiegu kenduko, itsasontzi piraten banderak egiteko, tiobibo batetan denok gara igoko, eta zintzoak garelako ez dugu ordainduko”.
Info 7rako prestatutako ipuin misteriotsua. Hirugarren atala da honakoa. Lehenenegoa hau izan zen, bigarrena beste hau. Denak dauzkazue entzungai eta irakurgai. HAU ENTZUTEKO EGIN KLIK HEMEN!!
Bi astetik behin kolaboratzen aritzeak baditu bere bentajak eta bere desabantailak. Batez ere, batetik besterako lotura egin nahi denean baina, tira, oztopoak gainditzeko daude eta ez haien aurrean belaunikatu eta negar egiteko.
Orain bi aste kontatu nizuenak.. bi aste lehenagoko istorioa zuen abiapuntu. Nere etxean aspaldian gauza arraro asko gertatzen ari zirelako. Esan nizuen nola ekarri genuen neskalagunak eta biok katua etxera. Nik ez nuen animaliarik nahi etxean baina, negoziazio mahaian, albokoaren gustuak konplazitzen ere jakin behar da eta, hoixe, hasi-ginen-ba-hasi katuarekin bizitzen. Kontua da, esan nizuen aurreko saioetan, katua ikusten ez nuenetan, katuari begira ez nengoenetan, katua beste zerbait edo beste norbait bihurtzen zela iruditzen zitzaidala. Etxetik ateratzean, edo ni egongelan geratu eta bera sukaldera joaten zenean esaterako. Ba hoixe, beste norbait edo zerbait bihurtzen zela. Egun batean gainera, sofaren aldamenean, azkazal batzuk topatu nituen eta katuarenak izan behar zutela ondorioztatzera iritsi nintzen. Frigorifikotik yogurrak desagertzen ere hasi ziren eta kutxarilak katuaren komun lekua zen baldean agertzen.
Goiz batez argitu ahal izan nuen misterioa. Katua pasilloan barrena zihoala, bere itzala emakume batena zela ohartu nintzen. Eta bi aldiz pentsatu gabe egin nuen jauzi itzalaren gainera, emakume itzal hura harrapatu eta kontuak argitzeko. Baina nik bezain ondo dakizue zuek, itzalik ezin liteke eskuekin harrapa eta ordukoan ere beste horrenbeste gertatu zen. Dena dela, katua egundoko garraisika eta oihuka hasi zen eta tximista baino azkarrago egin zuen salto leihora eta handik lurrera.. kalera egin zuen jauzi… 4. pisutik.
Justu-justu gerturatu nintzen leihora eta ikusi nuen katua patiotik barrena ihes egiten. Nabari zuen kolpea hartu zuela, eskuineko atzeko hankarekin zalantza egiten zuen, herren. Baina ziztu bizian joan zen halere. Ni leihoan geratu nintzen. Harrituta, Zarautzen esaten dugun bezala… jotama, beldurtuta ere bai, dena esan behar bada, neskalagunari zer esplikazio eman beharko nion pentsatzen, katua nora joan ote zen galdezka hasten bazen. Akaso behean izango nuen zain, akaso, ezkaratzeko atetik ateratzen hasi bezain pronto aurpegira egingo zidan jauzi begiak erauztera, akaso… tira hobe nuen gehiago pentsatzen ez segi, tximetatik tiraka hasi eta garunik gabe geratuko ez banintzen…
Baina, orduan, ustekabean, tinbreak jo zuen kolpera. Behetik ari ziren deika. Eta pentsatu baino, desiatu nuen publizitatea izatea edo postaria edo, eta badaezpada ez nintzen atea zabaltzera hurbildu, atea beste norbaitek, bizilagunen batek irekiko ziolakoan. Baina keba, handik segundo gutxira, berriz jo zuen beheko tinbreak eta erremediorik gabe atera gerturatu eta telefonoa hartu behar izan nuen, eta atea ireki botoia sakatuta. Alferrik baitzen telefono hartatik inorekin hitz egiten saiatzea. Beti funtzionatzen zuen eta gaizki. Beldurtuta kuzkurtu nintzen atearen ondoan, behealdera. Zein ostia ote da galdetuz, zergatik nintzen beldur galdetuz.
Oso gutxira jo zuen ene etxeko tinbreak. Eta poliki, zutitzen hasi nintzen poliki, behatxulotik begiratzeko ausardia pilatuz. Nere denbora behar izan nuen, egia da, baina begia behatxuloaren parean jarri bezain pronto jo zuen tinbreak berriz, eta “ostia!” Edo “ostras!” Edo horrelako oihuren bat atera zitzaidan desesperatuki. Eta ateari ere izu kolpe bat eman nion, nahi gabe. Eta azkenean, lotsaren lotsaz, beldurraren beldurrez, atea zabaldu behar izan nuen, atean zain neukana uxatuko ez banuen.
Eta hara, emakume bat zen. Hobe esan, neska gazte bat zen atearen parean nuena. Ondo jantzia, lepotik karnet horietako bat zintzilik zuena, karpeta bat esku batean, eta makulu bat bestean. Uste dut beldurtu egin nuela hainbesteko zalaparta eragitearekin, uste dut beldurtu egin nuela nire izerdi hotzezko izu aurpegia sumatu zuenean.
-Barkatu? Esan zidan. Momentu onean harrapatzen zaitut? Etorriko naiz nahi baduzu beste batean. Joe, ahots goxoa iruditu zitzaidan berean, eztia, erotikoa ere bai kasik. Eta berri ona zabaltzera zetorren norbait izan zitekeela okurritu zitzaidan… Bai, Jehovaren lekukoa izango zela pentsatu nuen, ahots eztiegiz, gozotasun gehiegiz ari baitzen. Baina ez, haiek normalean binaka etortzen dira eta ez zen Jehovatarra izango. Ez nekien, zein eta zertarako ote zetorren…
-Begira Iberdrolatik nator. Jakin nahi dugu gustura zauden gure zerbitzuarekin eta ea… aizu ondo zaude? (galdetu zidan… izan ere, nire babu aurpegiyak monumentala izan behar zuen. Ahoa zabal, begiak lehertzear, eta belarriak belaun parean…)
Iberdrolako tipa bat etorri zitzaidan, zuei ere etorriko zitzaizuen, gaseko kontuak iberdrolara pasaz gero, deskontu monumentalak izango nituela esanez. Eta ni hezurrak ikaran, izu laborriak jota, kaka galtzetan eginda eta katuak bihotza jan izan balitz bezala. Kaiku babalastoa ni! Nire beldurrak ez zuen justifikaziorik, ez arrazoirik. Bukatu beharra zegoen memelokeriekin. Neskari eskaintza interesatzen zitzaidala eta nahi bazuen etxera sartzera gonbidatu nuen, lasaiago hitz egin eta faktura zaharrak aurkitu behar nituenaren aitzakian. Etxeko beroak ere joango zitzaizkidan bestela kanpoko atea irekita luzaroan izanez gero. Neskak segituan onartu zuen gonbita. Eta nire albotik etxe barrura pasatzera zihoala, begietara begiratu zidan zuzen. Orduan, orduantxe konturatu nintzen, nire paretik pasa eta nire etxera sartu berria zen neskak… katu begiak zituela.
Beranduegi zen jada ezertako. Kanpoko atea orduantxe itxi zelako. Eta dagoeneko barruan nuelako Iberdrolako neska. Katu begiak zituen Iberdrolako neska.
(Euskadi Irratiko aste honetako kolaborazioa)
Likidoa. Gizarte likidoa omen da gurea. Bizitza likidoa oso.. daramaguna. Halaxe irakurri diogu aste honetan Zygmunt Bauman soziologo poloniarrari. Dena baita aldakorra gaur egun. Dena da zalantza eta mugimendu. Dena… likido. Ziur dakigun gauza bakarra ziurgabetasuna izateraino.
Adibidez. Inork ez du lanpostua ziurtatuta. Ekonomiarekin hurrengo astean zer gertatuko den ez dakite adituetan adituenek ere. Horregatik dago hari batetik zintzilik kulunkan politika. Bikote arteko maitasunak ere hiru urtetara iraungitzen eta kadukatzen omen dira. Halaxe du izenburu aste honetan Frantzian estreinatu den pelikula baten izenburuak. Eta laguntasuna ere beherapenetan dago, egun hauetan gure arropa dendak dauden bezala.
Ez dugu gehiago utopia kolektiboetan sinisten. Norberarena da aurkitzen dugun zoriontasun bakarra. Aste honetako adibideekin ilustratuko ditugu orain arte esanak. Zer gara ba, gu, itsas uretan errari eta noraezean gabiltzan.. kruzeroak baino, balea zauritu bat bezala makurraraziak itsasertzeko arroken kontra. Eta bai, aitor dezagun, denok gara gehiegitan Francisco Schetino kapitainak. Denok gara, arriskuaren aurrean NAHI GABE, salbamendu txalupara NAHI GABE… erortzen garen kapitainak, norbere bizitzak, konkordiak baino gehiago balio duela sinetsita.
Ordutik eta istriputik desagertuak, egunez egun eta pixkanaka agertu eta aurkitu dituzte Giglio irlaren inguruan. Eskertuko genuke horixe bera gertatuko balitz gure herrietako hilobietan ere. Hiru hilobi zabaldu eta.. airea baino ez dute topatu ume jaio berrien zerraldoak egon beharko luketen tokian. Telesaio onenek ere ez dute hainbeste misterio, jakinmin eta suspense sortzen, ez eta hainbesteko izua eragiten ere. Gurean gertatzen ari dena egia berdaderoa baita. Errealitate gordina. Benetako drama eta trama.
Hilkutxa hutsek bezala izuaren izuz odola gatzatzen duena, Manuel Fragaren izpiritua eta kopeta gauez agertzeak baino izulaborri handiagoa eragiten duena, badakizue zein den ezta?… Bai, asmatu duzue, Standar & Poors. Zein ba bestela! Nahikoa da kalifikazio agentziek ahoa zabaltzea.. alakran, ozpin eta azkazal erre usaina zabaltzeko inguruetan. Terrorezko pelikuletako Hannibal Lecterrak bihurtu dira agentzia horiek. Nahiz eta egia esan, aste honetan burtsak ez diren asaldatu gehiegi Europako estatu gehienei kalifikazioa jaistean. Dena den, Frantziak neurri berriak iragarri ditu ekonomia suspertzeko eta Espainiak, dirua ere likidoa dela erakusteko-edo, likidezia ziurtatu die autonomia gobernuei. Hori bai, egurra biek ala biek jarraitzen dute botatzen apaltzen hasia dagoen gatazkaren sutara.
Izan ere, aste honetan 3 lagun atxilotu dituzte Frantzian ETArekin zerikusia dutelakoan, Errenteriako 6 gazte espetxera zigortu dituzte 6 urte luzeetarako. Audientzia Nazionalean epaiketek betiko legean jarraitzen dute eta bakea habiarik egin ezinik dabil gure ibaietako ur lasterregietan.
Bitartean, Gipuzkoan umeek zaputzak nola, xextra inozoan galdu dira Bildu eta jeltzaleak Bidegiren lanak bidezko izan diren edo ez eztabaidan. Zaputzak eta negarrak alfer-alferrik diren tokia Nafarroa da, zehatzago esanda, Nafarroako parlamentua. Han ez dago txorakeria eta erdibiderik. Han ez dago izotza besterik. Aurreko astean atzera bota bazuten euskarazko hedabideak laguntzeko proposamena, aste honetan atzera bota dutena Euskararen Legea aldatzeko proposamena da. Nafarroan txikira jotako enbidoak ere eduki egiten dituzte!
(Enfin.) Be water my friend. Horixe esan beharko dugu, Be water my friend, aste honetako kronika likidoan. Besteak beste, AEBko SOPA legearen zopatan sartuta busti nahi gaituztelako denak, gaur goizean Megaupload ataria itxi eta kriminalizatzearekin hasita. Eta gaitzerdi galtzerdiak bustita ditugula. Euritan eta hotzean pasatako San Sebastianak ari baikara ospatzen. Ez gaude-ta alferrik negu betean. Nahiz eta txirrindulariak hasi diren kulotetan jarrita hanka pilotak erakusten, momentuz Australian, Down Under itzulian. Eta hori bada zerbaiten seinale, udaberria aurreko astean baino.. pixka bat gertuago dugunaren seinale.
Hori bai, ezin ahaztu, nola ahaztu, aste honetan gure artetik joan zaigun Txillardegi. Euskara batuaren aitzindari hizkuntza noranahiko bihurtzeko ahaleginean, Frankismo garaietatik hasita azkenera arte herrigile. Funtsean, Euskal Herria helburu zuen politikari, hizkuntzalari eta idazlea. Euskararen kruzeroa edo atunontzia edo (yatea ez da gurea ezta?) hondoratu gabe gidatu zuen argia.
Txillardegirena bezalako argiei esker sortu dira argi gehiago. Bertsozale Elkarteak 25 urte bete izana da horren lekuko, “Beste 80 urtian” euskarari arnas eta argi ematen jarraitzeko. Irakurri beharreko liburua izango da zalantzarik gabe Barandiaranena… aste honetan argitaratu eta best sellerra izatera helduko den beste liburu honekin batera: “Gure aita, Kim Jong Il eta ni”. Earra titulua, ezta? Ipar koreako agintari krudelaren anaiak ezinikusiz eta dioska idatzia. Hori bai izango dela literatura… beltza!
Bueno…
(Info 7ko bigarren kontakizuna, aurrekoaren jarraipena. Idatzita behean eta hemen entzungai)
Katua ekarri genuenean hasi zen dena. Etxean ordura arte genuen lasaitasuna apurtu zen nolabait.
Lagun batek deitu zigun esanez kalean aurkitu zuela katu ttiki bat eta negarrez eman zuela gaua eta hurrengo egunean ere leku berean zegoela eta ea hartu nahi genuen etxean. Baietz erabaki genuen. Batez ere, batez ere neskalagunak animatuta, bultzatuta. Bera katu artean hazia dalako eta itxuraz, etxean sumatzen zuen… zerbaiten falta…
Arraroak izan ziren katuarekin egindako hasierako egunak niretzat. Inoiz animaliekin bizi gabea izan eta ba hoixe, nik, katu bat izatea, panpina bat izatea bezalako zerbait izango zela uste nuen. Baina ustezko panpina beltz horrek, kaka egiten zuen, pixa, miauka eta atzamarkadak eman nonahi. Hasieran edozein lekutan: koltxoi, pasilo izkina, espero gabeko leku-baxterretan. Ikasi zuen, ikasi bazun azkenerako non egin behar zituen komuneko lanak. Hori bai, bere kakak behar bezela estaltzeko ez zen gai izan inoiz.
Halere, zer nahi duzue ba esatea, une batzuetan lortu nuen katuari kariñoa hartzea. Etxera iritsi eta bera non egoten zen jakin nahi izaten nuen, zertan ari ote zen asmatu. Katua, beti hurbiltzen zitzaidan eta miazkatzen ninduen eta heltzen zidan galtzetatik eta nik urduri, ez nuen jakiten oso ondo zer egin, nola jokatu. Gero nahi izaten zuen nirekin ohean sartu edo nire lan mahaiaren gainean paper janean aritu edo nire izterretan etzanda lo goxoan iraun.
(Gutxitan asmatzen nuen baina. Beti zegoen ustekabeko lekuan, beti pentsatu gabeko zerbait egiten. Eta urduri jartzen hasi nintzen.)
Goizetan ohetik jaiki eta gelako atea zabaldu orduko hanka artean ibiltzen zitzaidan burua zezenek bezala mugitzen, izter gorputzekin laztanak bilatzen. Komunean ere gauzarik intimoenak egiten ari nintzelarik, alboan izaten nuen amodio eske.
Haserretzekoa zen ordea. Beti emanean ari nintzen ni: janaria, edana, laztanak… Baina zer ematen zuen berak bueltan? Etxea garbitzen hasten nintzenetan ez zuen laguntzen, areago estorbatu egiten zuen. Bazkaria jartzen ari nintzenetan ere, uste duzue egiten zuela marru mihaua besterik? Zer egiten du katu batek jan, lo, eta mimoak eskatu baino? Ezer ez. Ez egiten hasita hortzak ere ez dituzte garbitzen. Eta garbi fama dutela! Pentsa! Ura ere ez zaie gustatzen…
Baina hori, kontatzen ari naizen hori dena ez zen ezer gerora sumatzen hasi nintzenarekin. Adibidez. Ordenadorean katuari buruzko idazten nuenetan, katuari begiratu eta… niri begira aurkitzen nuen beti. Bazekien, ematen zun bazekiela zer ari nintzen idazten! Bere kontrako hitzak borratzen hasi nintzen badaezpada. Gure katua, ez baitzen katua bakarrik. Ezin zitekeen izan. Gure aurrean bai. Gure aurrean katua zen, baina pasillo ilunetik barrena ezkutatzen zenean, zer zen? Sukaldera sartu edo bere balde komunera heltzean zer zen katu hura? Zer bilakatzen zen?
Zergatik desagertzen ziren tarteka yogurrak frigorifikotik? Nolatan agertzen kutxarila zikinak bere baldean? Behin moztutako azkazalak aurkitu nituen sofaren ondoan… norenak ziren azkazal zati horiek? Katuarenak izan behar zuten. Nola moztu ditu katuak azkazalak berak bakarrik?
Aspaldian nengoen ohartuta. Etxetik irtetean, atea ixteko giltzak sarrailan sartzean, atea itxi bezain pronto, nik katua bistatik galdu bezain pronto, iruditzen zitzaidan beste zerbaitean bihurtzen zela katu izateari utzita.
Horregatik pentsatu izan dut berarekin haserretu eta kolpe bat edo ostikada bat amorrazioz eman nionetan, egun batean, ez oso egun urruti batean, hizketan hasiko zitzaidala berari emandako minegatik kontuak eskatzen. Horregatik saiatzen nintzen beti katua ondo tratatzen, badaezpada ere.
Azkenerako, magalean esertzen zitzaidanean, beldurrez, joateko eskatzen nion. Burua ezker eskuarekin laztandu ahala, berak, azkazalak iltzatzen zizkidan saihetsean. Eta ni ixo.
Horietako batean gertatu zen. Orduantxe harrapatu nuen tranpa. Neskalagunak ez zidan ordura arte esaten nuenaren kasurik ere egiten, ez zidan egingo oraingoan ere. Baina katua magalean eduki eta lurrera salto egin zuen batean, pasillo luzetik barrena zihoala, garbi ikusi ahal izan nuen. Lau oinetan zihoan katuaren itzala pertsona batena zela, emakume batena itxuraz, ile eta gorputz silueta haiei erreperatuta.
Harrapatu haut kabroia! Esan, eta salto egin nuen itzalaren gainera. Katuak orduan inoizko oihurik larrituena egin eta jauzi pare batean ihes egin zuen gure etxeko leihotik. 4. pisuan bizi ginen, baina leihotik ikusi ahal izan nuenaren arabera, katua onik atera zen jauzian. Eta nik ez dakizue zer deskantsu hartu nuen orduan. Baina barruan geratu zitzaidan zerbait, zerbait guztiz lasaitu ez ninduena… kalera ateratzeko ere beldur izango banintz bezala.
Handik gutxira, oso gutxira, tinbrea jo zuen norbaitek…
Aste magikoa izan da hau. Akaso, eta akaso diot, gau magiko batek estreinatu zuelako astea. Aurreko ostirala Errege eguna izan zen, gau magiko baten ondoko eguna. Eta iraun dezala, iraun dezala luzaroan magiak. Hasi berri dugun urte honi, inflazioa eta defizita ez baitzaizkio.. dieta makrobiotiko batekin ere jaitsiko!
Il beltza da urtarrila. Akaso, inoiz baino beltzagoa izango da aurten gainera, parean dugun aldapa ikusita behintzat…bai. Plato txikia ondo sartu, eserlekutik altza eta pedal kolpea arintzea tokatzen zaigu, urteko lehen hilabete hau azkar pasako bazaigu. Espainiako Gobernuak aste honetan onartu ditu lehen lege murriztaileak, Eusko Jaurlaritzak funtzionarioen patriketako azkurak kendu nahi izan ditu… eta hau dena hasiera baino ez omen da. Hasieraren hasieraren hasiera baino ez.
Serio. Ezagutzen duzue untxiak bezala depresio finantzarioak desagerrarazi ditzakeen magorik? Ezagutzen aste honetan 10 urte bete dituen Guantanamoko infernua itxiko duen magiarik. Nahiz eta Guantanamo ez izan, ondo dakizue zuek, Obamatarrek eraikitako infernu bakarra. Agian, infernu horietako suak itzaltzeko egingo dute bere soldaduek zerraldoen gainera.. pixa. Enfin… guk ere magia beharko dugu, eta egoskorkeria.. eta konbentzimendua… gure Guantanamo partikularretatik preso daudenak ateratzeko: Fleury, Valdemoro, Puerto, Salto del Negro… Horregatik hartu zuen aurreko larunbatean oihu bakarrak Bilbo. Helikopterotik bakarrik ikusi ahal izango zen ondo manifestazio kolosoa. Eta manifestarien artean magikoena ez dakit, baina bai sonatuena: Willy Toledo. Hernanin enpadronatzeko eta Vaya Semanitan ateratzeko moduan dago madrildarra, ezta?
Magikoa izan da astea bai. Ilargi beteak eman dio beharrezko magia hori zeru gautu eta izartsuari. Hori bai. Guk badaezpada, ondo begiratu dugu Melancholia planeta nonbait ageri den, mundua bukatzekoa dela dioten 2012 honetan.
Eta aste berean magikoa izan da Galeseko haurrak Ilargiari euskaraz kantatzen entzutea. Magikoagoa litzateke ordea Iruñeko haurrak entzutea euskaraz kantatzen. Magia politikoa beharko zela uste genuen Iruñerrian ETB ikusteko ere. Baina ez, diruaren magia behar izan da azkenean. Beste horrenbeste egin beharko da .eus domeinua lortzeko ere. Dirua jarri. Min guztiak sendatzen dituen botika miragarria da dirua. Baina ez beti. Ez du balio denerako. Iruñean, igande goizean korrika egitera atera eta bi gizonek bortxatu zuten emakumearen minak sendatzeko, dirua baino zerbait gehiago beharko da. Justizia errukigabeenak ere ez baititu sendatuko madarikazioaren zauriak.
Errege kopan Atletik da aurrera egin duen euskal talde bakarra. Izan ere, magia erabili zuen asteartean Mallorcak.. Errealari berebiziko jipoia emateko. Jendeak errua Errealari botatzen dio, eta ni, andere-jaunok, ez nago konforme. 7 minututan 4 gol ez dira sartzen belar txarren batekin egindako edaberen bat kontrarioari eman gabe. Hunkigarriena hurrengo eguneko kazetetako perla poetiko derrotista eta titular tremendistak, gerra mundial bat galduta erbestera zigortuko gintuztela zirudien. Magia erabili zuen Mallorkak eta kito. Aste honetan urrezko baloia jaso zuen Messiren hanketako magia bezalaxe.
Behe lainoa, hotza eta eguzkia, izotz ondoko eguzkia izan dugu aste magiko honetan, bai. Hori ez da ezer izan… Iñurrategi, Zabaltza eta Vallejok pasa behar izan dituztenekin alderatuta. Iazko udaberrian Groenlandia zeharkatu zuten eta orain berriz Antartika 55 egunetan, bakoitzak 170 kiloko pisua garraiatuz. Badakizue, espektakuluaren gizarteari jaten eman behar zaio. Horregatik joan ote da bidaian Ahmadineyad AMADINEYAD Venezuelara eta gero Kubara eta gero Ekuadorrera? Zergatik ez da bueltakoan.. egoera kritikoan dagoen Forondako aireportuan lur hartuta Ajuria Eneara etortzen? Truke polita litzateke: aste honetan ireki den sagardo denboraldiko upelak Irango petrolio upelen trukean. Upela upel truk. Badakizue!
Bueno, amaitu dezadan txorakeriak utzita eta AEBn misil antiaeroak nire aurka apuntatzen hasi baino lehen. Amai dezadan bai, baina, ez aste honetako magia beltzaren azken kapitulua aipatu gabe. Ume lapurtuen afera dela-eta, Polloen irekitako hilkutxa hutsik aurkitu dute. Baina, nola liteke hori! Nobelarik beltzena eta CSIren kapitulu asko gainditzen ditu gehiegitan errealitateak. Denok hasi beharko dugu pentsatzen, benetan garen gure amaren eta aitaren seme edo alaba…
Enfin… 13. eguna du gaurkoa urtarrilak. 13. eguna du 2012ak. Aizue, gogoratzen dituzue oraindik urtea bukatzerako geure buruari egindako promesak? Ala utzi diozue kiroldegira joateari, hasi zarete txokolate tabletak erosten eta aspaldian itzalitako zigarroak pizten! Bihar Ruperrek Zarautzen joko duela aprobetxatuta, hona errematea:
Zaindu zaren hori, maite duzun hori zaindu dezazun…
Besarkada estua denoi!
Martxoan indarrean jarriko dute deskargen aurkako legea Espainian, Sinde legea deiturikoa. Lege horren eragina antzua gerta daitekeen arren, sortu daitezkeen enbarazuei kontra egiteko gidaliburu bat atera dute: Manual de desobediencia a la Ley Sinde. Liburua Hacktibistek egin dute eta nik hainbeste miresten dudan Traficantes de Sueñosek argitaratu du.

Desobedientzia garaia da. Baita sarean ere…
(Liburu hau besapean hartuta gero arte esan behar dizuet. Hurrengo bi asteetan kanpoan izango naiz)
Hamar. Hamar hatz ditugu denera bi eskuetan. Horregatik kontatzen genuen hamar arte. Hortik gorako guztia zenbaezina zen, infinitoa, ikaragarri pila, hamaika. Bukatzear dugun urte hau ere hamaika da, bi mila eta hamaika. Bai eta esanahi aldetik ere, 2011n hamaika gauza ikusteko eta bizitzeko aukera izan baitugu.
Hori izango da informazioaren gizartean bizitzearen ondorioa. Notizia jarioak ez du etenik eta itotzeko modukoa gerta daiteke jario hori, flotadore egokia eskura izan ezean… edo nire kasuan bezala, mundua kontenplatzeko komun batean errefuxiatu ezean.
Denoi pasa zaigu urtea azkar. Denbora xuguxak bezala urtzen zaigu ahoan, segundoak eta lurrak izozten dituzten momentuetan izan ezik. Esaterako, erlojuak behin eta berriz izoztu dituzte Europan urte honetan egin diren ziento bat goi bilerek. Bilera bakoitzean zegoen jokoan euroa, Europa eta ekonomia, bilera bakoitza zen hil ala biziko, bilera bakoitza zen inportantea zen bakarra.
Eta horrela, beste behin egin behar izan dugu dantza burtsako baloreek jotako.. doinuen erritmora, Merkozyk edo, Sarkozyk eta Merkelek markatutako pausura. Austeritatea da konposatu diguten valsaren izenburua. Eta ordutik, debekatuta dago defizit publikoa, debekatuta Hego Euskal Herrian aurten etxerik gabe geratu diren 6.000 lagunenganako pietate txikiena ere, debekatuta lehen farfaila bete ahoz goresten zuten “gizarte ongizatea” bezalako kontzeptuak. Eta klaro, debekatuta Aurrezki kutxak ere: ze 2011tik aurrera, denek izan behar dute… banku.
Eta guri ere hiru bala jaurti dizkigute onbeharraren izenean: Bank! Bank! Bank! Eta Kutxabank sortu digute. Krisia sakona, iraunkorra eta globala baita, nik mundiala ere gehituko nioke, bai batzuentzat behintzat. Ez dira alferrik jaitsi aurten auto salmentak eta luxuzko autoenak.. %30 igo.
Hara aurten ikasi eta ikusi dugun beste gauza bat: Iraultzak historia liburuetan bakarrik gertatzen zirela uste genuen, baina ez, lehen eta orain, historia kalean idazten da, kalean egiten. Tira, kalean eta sarean edo Interneten ere gehitu beharko dugu aurrerantzean, iraultza arabiarra adibide. Eta ondorioz, 2011n, munduko hiriburu bakoitzak izan du Tahir plaza bat, haserrez eta suminez betea.
Bitxia Londresen kale borroka kontrolatu ezin izan zutenekoa. Gure irudien artxiboan geratuko zaigu eraikin erraustu haren irudia, eta ez dugu berehalakoan ahaztuko, munduko herri zibilizatu eta justizia zaleok Gadaffi txakur bat bezala hil genueneko momentua. Balienteak gu! Edo ustezko Bin Ladena, epaiketarik gabe eta besteren etxean hil zuenean Barack Obama Bakearen nobel saridun miserableak, herri beldurtu eta akonplejatu bateko agintari gorenak.
Oraintxe atera dituzte Iraketik euren gizon-emakume militarrak. Baina ez armak. Odolaren usainak erakarrita bizi dira nonbait. Eta ez dira bakarrak, zoritxarrez. Siriako agintari tirano eta eroaren biboteak inoiz ez bezala zorroztu dira, Norvegiak ere inoiz ez bezala izoztu gintuen Osloko hilketa haiekin… Eta hori dena 7 mila milioi izatera heldu garen urtean. Ongi etorriak denak planeta urdin eta eder honetara! Fukushimak ere eskarmenturik ematen ez duen bizitza tsunami honetara…
Gurean berriz, ETAren behin betiko su etenak aro politiko bat amaitu eta beste bat hasi du, bakeak herri honetara etortzeko beldurrez jarraitzen duen arren. Errelatoa bihurtu da 2011ko Trending Topica. Nork zer nola kontatzen duen bihurtu da inportante. Izan ere, gatazka politikoak bere-berean irauten du. Baita sozialak ere bai. Fikziorik gabeko drama bizi baita Euskal Herriko etxe gehiegitan, erraz esaten da baina, emakumeen kontrako 4.000 tratu txar salaketa baino gehiago jaso baitira.. aurten.
Gizarte mugimenduek berriz lip dubetan jarri dituzte indarrak 2011n. Zero zabor eta Bilboko Amets Fabrika edo Kukutza adibide. Eta batzuk Juan Pablo II. beatifikatu duten garai berean, guk gure oroimenaren aldarera igo dugu esaterako.. esaterako, Ernesto Sábato idazle argentinar handia.
Eskerrak gurekin utzi dituen bere heroi eta hilobiei buruzko lanak. Nostalgia handiagoz irakurriko ditugu berak idatzitakoak orain, miresmen handiagoz ikusiko ditugun bezala Amy Winhousen youtubeko bideo-klipak. Elizabeth Taylorren ezpainak ere sentsualitate bereziz musukatuko ditugu aurrerantzean… filmoteketan, gero eta euskarazko pelikula eta dokumental gehiagoz osatzen ari den filmoteketan, Gartxot, Bertsolari, Amerikanuak eta abarrak gogoan…
Honaino 2011ko hamaika notiziak. Izan dira gehiago klaro, izen propio asko tartean: Mikel Nieveren Giroko garaipena, Raxoiren Genova kaleko jauzia, edo Oihana Kortazarrek mendi lasterketako munduko kopa Euskal Herrira ekarri zuenekoa. Nola ahaztu Steve Jobs, Basque Culinary Center, DSK edo Dominik Strauss Khan, Balentziaga museoa edo… edo… Juan Karlos Eizagirre… Baina kontua ez da urtearen laburpena egiten hasi eta urtebete baino gehiago pasatzea. Amaitu dezadan beraz, 2012rako pronostiko partikularra eginez, Manu….
Ez izan dudarik. 2012a, urte oparoa eta zoriontsua izango da. Errelatoa elkarrekin idatziko dugu eta austeritatea pietaterik gabe borrokatuko dugu kaleetan. Araba Errioxako gaixoak Logroñon sendatuko dituzte ardoterapia zentroetan, eta 200 euro baino gehiago ordainduko ditugu, hil berri den Ipar koreako Kim Jong II.aren betaurreko beltzak.. hondartzara eramateagatik. Mikel Astarlozak Tourreko etapa bat ere irabaziko du. Eta beste hau, beste hau bai izango dela gauza ziurra. Joseba Sarrionandiak irabaziko du berriz Euskadi Saria. Baina 2012an ez du bere arrebak joan beharrik izango saria jasotzera. Joseba bera joango da Ajuria Eneara. Eta herri honek, inoiz ez bezala egingo du dantza inoizko akelarrerik ederrenean…
Pasa den ostirala beste egun historiko bat izan zen Putzuzulo Amets Fabrikan. 5. Kopla txapelketa izan genuen. Kopla saio ederrez gozatu ahal izan genuen, irriaren bidetik. Tartean izan genuen Jon Sarasua ere. Ez txapelketan parte hartzen, baina bai kopla kantari. Beti bezala zorrotz eta suzko agertu zen bere kopla jarriekin, zer pentsatua emateko intentzioz. Gaueko une gogoangarrienetakoa izan zen kantua hasi zenekoa, Gipuzkoako Txapelketako finaleko txistu jotzaileak gaitzat hartuta. Kopla txapelketa osoa Arraio Irratian daukazue entzungai. Jon Sarasuaren koplak hartu eta ekarri ditut nik hona. Berak kantatutako kopla guzti-guztiak pdfan dituzue irakurgai.
Txapelketako finala
hapenning originala
susmoa dut ikututa
denok atera giñala.
Huts dezadan oriñala.
Kargudunek erregalo.
Zein jator zein txorimalo
bereizi ezean, malo.
Lasai jo batzuei txistu
ta beste batzuei txalo.
Sari banaketan doa
min subliminal mordoa
baezpare itxi ahoa.
Prudentziaz oholtzan kantuz
ez da aipatzen laidoa.
Bertsogintzaren elizan
progresismoa kalizan
ta kontsentsua gerizan.
Ardi beltzen artaldean
zeinek nahi du txuri izan?
Txistujotzaile petoa
bi hankadun panfletoa
ia dugu etxekoa
distantzian begiratuz
espezimen konpletoa.
Info7rako egindako aste honetako kolaborazioa
Txakurren herria da hau. Eta zoritxarrez, ez dira denak Euskal Herrian hankahutsik ibiltzen. Gehienetan, bota luzeak ondo lotuta, gerrian armaren bat edo beste eta eskutan beste arma bat, luzeagoa, distiratsuagoa, inpresionanteagoa izaten dute. Eta aurpegi deserosoa. Hainbesterainokoa non tapatuta ibili behar izaten duten askotan, mehatxatuak sentitzen omen direlako, etxeko eskobekin kolpatuko ditugun beldurrez bizi direlako akaso. Bai tapatuta ibili behar izaten dute aurpegia, eta aurpegiarekin batera lotsa. Polizia izatea gauzarik antihumano eta miserableena izatea baita, milaka telesailetako polizia protagonistak… ederrak, zintzoak, eta ongileak izan arren. Pikutara euren bala distiratsu eta hortz-zuri distiratsuagoak. Anestesia musika taldearen kantu bat datorkit gogora. Laburra da abestia, akaso ezagutzen dudan kanturik laburrena. 27 segundukoa. Lerro pare bateko letra. Bi esaldikoa. Baina arrazoi potolokoa. Hauxe da: nahiago dut langabezia nire jendea zapaldu baino. Ez dut nahi, ez dut nahi, polizian izan!
Baina gaurkoan, horrela ez badirudi ere, ez nator botadun txakurrei buruz hitz egitera. Oinutsik eta inolako arroparik gabe bilutsik ibiltzen diren txakurrei buruz mintzatzera baizik. Askotan pentsatzen du batek, txakurra sokatik helduta pasiatzen ari den norbait ikusita, bene-benetan gizon emakume hori den txakurra paseatzen ari dena edo gizon emakume hori den, txakurrak pasiatzera atera duena. Ba nik ere beste horrenbeste egingo dut. Txakurrei buruz hizketan hasi eta nagusiei buruz hizketan bukatu. Bueno aber esplikatzen naizen.
Aurreko batian, eta bada denbora pixka bat ordutik, Zarauzko kale nagusian, lepotik zintzilik karnet bat zuela, alegia, behar bezala akreditatutako mutil gazte batek, txakurrei edo animalia domestikoei buruzko galdera batzuk egin nahi zizkidala esan zidan. Udala animalia horien erabileraren inguruko legedia atera nahian ari omen zen. Bueno, bueno, bueno, beste legedi bat, beste ordenantza bat gehiago, pentsatu nuen. Eta esan ere hala egin nion. Lege eta joko arauz inguratuta bizi ginela… Baina, mutilak, serio-demonio, arazoa larria zela esan zidan. 3000 txakur omen daude herrian ofizialki izen emanda. 3000 bai. Eta orduan goiko etxe eta pisuetara joan zitzaidan begirada eta gogoa, eta milaka sukalde eta egongela irudikatu nituen txakurrez preso. Nola 3000? Zarautzen 20000 lagun inguru gara. Etxe edo pisuak 7.000-8000 uste dut direla, demagun 10000 direla. Ba 3 etxetatik batean txakur bat dago. Txakur ofizial bat esan dezagun, txakur estraofizialak eta gainerako animaliak kontuan izan gabe. Proportzioak asko handituko lirateke denak hartuz gero kontuan: txoriak, arrainak, tortokak… eta katuak.
Eta irudipena dut, etxean animaliak izateko joera hori handitzen baino ez dela ari. Gero eta animalia gehiago ditugula etxean, alegia. Batzuetan, telebistak eta kotxeak bezala, animalia bat buruko. Semearentzat hamsterra, alabarentzat arrainak eta amak eta aitak pasiarako artzai txakur bat. Esaterako. Eta irudipena dut, kontuak gizarte aldaketarekin duela zerikusia, eta espreski, gure bakardadearekin. Etxera iritsi eta bakardadeak hiltzeko irratia pizten dugun bezala, nahi dugu gure etorrera antsietatez itxarongo duen animaliaren bat zain izatea. Kalera bakarrik ateratzea deserosoa bazaigu animalia leial baten konpainia… noblea gertatuko zaigu. Seme edo alaba hipotekatuak etxera ailatzean, gurasoak faltako ditu segura asko, baina dortoka eta katuak izango ditu zain, eta adi, eskolan eguna zer moduz joan zaion esplikatu ahal izango die. Eta ulertzekoa da hau ere: amak nahiago izango du askotan txakurrarekin egon, aitarekin baino.
Sekula izan ez eta, orain urtebete pasatxotik nik ere katu bat dut etxean. Eta zin dagit bera dela nire konfesio intimoenak dakizkien bakarra. Ulertzen nauela dirudi gainera, konpartitzen dituela nire gloriak eta penak. Nahiz eta hitz egiten hastean beti beste aldera begiratzen didan… Ikaragarria baita animalia bat etxean izatea. Nik uste nuen panpin bat izatea bezala izango zela, baina kaikua ni, asko aldatu ziren gauzak etxetik ateratzen nintzen bakoitzean, edo katuari bizkarra ematen nion bakoitzean, alegia, begi bistan ez nuen bakoitzean, katua beste zerbaitean bihurtzen zela sumatu nuenetik. Eta susmo horiek indartu baino ez dira egin harrez gero… Baina hori, hori esplikatzea hurrengo kolaboraziorako utziko dut…
